XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKARAREN HITZ-KATEAK (I)

Hizkuntza funtsean hitz-katea da.

Eta hizkuntza batek hitz-kate jakinak edo nahiko berdintsuak izan ohi ditu bere eguneroko erabileran.

Nahiz eta teorian sor daitezkeen esaldiak mugarik ez izan, hizkuntza bakoitzak baditu nahiko finkatuak dauden hitz-kateak.

Nolabait esateko, oinarrizko hiztegia edo lexikoa dagoen bezala, bada oinarrizko hitz-kateen maiztasun bat ere.

Gerta liteke hizkuntza horretan hitz berriak eta maileuak sartzea, baina kateak hausten ez badira, hizkuntzaren jeinuak zutik dirau.

HIZKUNTZAREN HIRU KATEAK

Hizkuntzaren kateaz ari garenez, hiru kate bereiziko nituzke gutxienez hizkuntzaren barruan: kate fonikoa, kate sintaktikoa eta kate semantikoa, hiruren artean hizkuntzaren katea sortzen dutelarik.

Kate fonikoak garrantzi haundia du, batez ere ahozko hizkuntzan.

Hain zuzen, kate fonikoak behar bezala errespetatzen ez direlako, askotan zenbait euskara mota arrotzak gertatzen zaizkio txikitandik euskara dakien euskaldunari.

Kate fonikoan gauza asko sartzen dira: ebakera, doinua, ritmoa, abiadura, pausak... Hau irratian eta telebistan ari direnek, esate baterako, oso kontutan hartu beharko lukete.

Askotan badirudi jendeak ez dakiela ozenki irakurtzen eta are gutxiago esaldiei behar bezalako doinua eta lotura ematen.

Bestalde, hitzak ez dira nolanahi elkarrekin lotzen.

Sintaxiaren legeak aintzakotzat hartu beharra dago, baldin eta hizkuntzaren kateak zentzurik izango badu.

Hor sartzen dira galdegaiaren arazoa, hitzen ordena, perpausen egitura, zenbait partikularen erabilera eta abar.

Azken finean, hitzen ordena erabakitzeko gauza asko hartu behar da kontuan: esaldiaren oreka, dotoretasuna, espresibitatea, garrantzia zeri eman nahi zaion, aurreko eta hurrengo esaldiaren segida, ritmoa, genero literarioa... beti ere euskararen sena eta egitura ahantzi gabe, noski.

Hizkuntzak badu bere kate semantikoa ere.

Alegia, hitzak elkarrekin nola lotzen diren ikusteko, semantikak ere badu zeresanik.

Hain zuzen, hitz-kateak semantikaren arabera antolatzen dira, fonetika-fonologia eta sintaxia ere tartean direlarik.

Hitzak beren adiera juxtuan erabiltzen jakin behar da eta sarritan elkarrekin doazen hitz-multzoak hautematen.

Horrela lortuko dugu esaldiak eta bestelako multzoak esanguratsu bihurtzea.

Guzti honek euskararen erabilera ezagutzea eskatzen du, bai ahozkoarena eta bai idatziarena, eta tradizio horren barruan murgiltzea.

Bestela euskara horrek ez luke oihartzun haundirik izango.

SINTAXIAREN GAINETIK EUSKAL SENA

Hemen planteatzen ari naizen arazoa sintaxiarena baina zabalagoa eta sakonagoa da, noski.

Hitzen ordena euskal sintaxiaren arabera antolaturik ere, oraindik ez dugu konpondu erabat euskarazko hitz-kateen auzia.

Hemen, konturatu gabe, euskal senaren barrutian sartu gara, eta horixe da auzi honetan gidari segurua: euskararen sena.

Euskarazko hitz-kateak behar bezala osatzeko eta batez ere euskaldunaren gaitasunarentzat esanguratsu gerta daitezen, beharrezkoa da euskararen sena.

Bestela ez dago asmatzerik.

Eta euskararen senak, besteak beste, zera eskatzen du: gauzak euskaraz pentsatu eta egostea, euskararen erabilera ondo ezagutzea, euskararen berezko isuria errespetatzea, pentsamenduaren segidak eskatzen dituen loturak zaintzea, hitz batean, euskal moldeak eta manerak erabiltzea.

Baina honenbestez ur haunditan sartzen gara.

Gaurkoari amaiera emateko, nik hemen euskarazko hitz-kateen arazoa azpimarratu nahi nuke, auzi honetan fonetika, sintaxia eta semantika gurutzatzen direlarik.

Hizkuntza guztietan bezala, euskaraz ere, batez ere erabilera arruntean, hitz-kate nahiko jakinak daude, askotan hitz batek bestea dakarrelarik edota esaldi batek beste bat eskatzen duelarik.

Euskara jakitea, azken funtsean, hitz-kate horiek ezagutzea da.

Hau da, euskararen usadioak (usadio onak, noski) markatzen du euskararen bidea zein den eta euskararen hitz-kateak zein diren.

Erabiltzen diren hitz-kateak zein diren jakin gabe, euskaraz hitz egin edo idatzi nahi izatea noraezean ibiltzea da.

JOXE LIZARRALDE.